ONGI ETORRI GUZTIOI!!

2012-11-27


URRITASUN SENTSORIALA

ENTZUMEN – DEFIZITA DUTEN HAURRAK: GORRERIA EDO HIPOAKUSIA

Ezaugarriak

* Zenbait subjektuk gorreria sakona duela diogunean zera esan nahi dugu, haien entzumena ez dela funtzionala bizitza arrunterako eta ahozko mintzaira eskuratzea eragozten diela.

* Haur batzuek gorreria postlokutiboa dute, hau da, ahozko mintzaira ezagutu edo hitzegiten ikasi ostean geratu dira gorrak, hori dela eta, ahozko mintzaira garatzeko hizkuntz egiturak berenganatuta dauzkate jadanik.

* Hipoakusia terminoaren bidez entzumen-urritasuna adierazten dugu. Hipoakusia duten haurrek, protesia erabilita edo erabili gabe, bizitzan moldatzeko lain entzuten dute. Defizita izanda ere, mintzaira entzumenaren bidez eskura dezakete, baina lexiko arazoak izan ez ezik, eragozpenak dituzte hitzak ahoskatzerakoan edo esaldiak egituratzerakoan. Arazo horiek larriagoak edo arinagoak izan daitezke, hipoakusiaren arabera.

Zer atsegin zaie, zer egiten dute ongi?

* Eguneroko iharduera guztiak burutu ditzakete, are, gozatu ere egin dezakete iharduera horiek burutzen, baldin eta banan-bana ingurunean gertatzen denari buruzko informazio nahikoa eta egokia ematen badiegu.

* Entzumena ezinbestekoa ez den iharduera guztietan ongi moldatzen dira.

* Ikusizko pertzepzioan oinarritutako iharduerak, gorputzadierazpenean oinarritutakoak, arreta berezia jarri beharrekoak, kanpoko munduaren ikusizko errepresentazioan nahiz errepresentazio grafikoan oinarritzen diren iharduerak atsegin zaizkie, oso trebeak baitira alor horietan.

* Ukimenaren bidez bibrazioez jabetzeko iharduerak, hala nola, perkusiozko musika-tresnez egindako erritmo-jolasak bereziki atsegin zaizkie, soinua entzuten ez badute ere, bibrazio-mugimenduei esker hauteman egin baitezakete.


Zer-nolakoeragozpenak dituzte?

* Eragozpen guztiak gorreria-motak eta mailak eta agertu den uneak baldintzatzen ditu, alabaina gorreria edozein motakoa edo mailakoa izanik ere, edozein unetan azalduta ere, eragozpen nagusi bakar bat eragiten du, hots, ahozko mintzaira berez eskuratzeko eragozpena.

* Oro har, ahozko mintzaira ulertzeko eta adierazteko arazoak dituzte entzumen-defizita duten haurrek eta, ondorioz, mundua ulertzeko arazoak ere badituzte, kultura, hein handi batean behintzat, entzumenaren bitartez gureganatzen baitugu.

* Gertakariei eta erantzunei aurrea hartzeko, kontzeptu abstraktuak sinbolizatu eta eskuratzeko arazoak izan ditzakete, ikustezinak izanik, hizkuntzaren egitura batean oinarritzen dira eta.

Nola lagun diezaiekegu?

* Zertxobait entzuteko gai badira, entzumen-aztarna horietaz baliatuz eta erabiltzen irakatsiz, bakartzeko joera alde batera uzteko.

* Komunikazioa bultzatuz. Horretarako, guztiek ulertzen duten komunikazio-kode amankomun bat erabili behar dugu eta, baita ahozko mintzairaren sistema osagarriak ere, hots, sistema alternatiboak (zeinuen mintzaira) eta aumentatiboak (mintzaira bimodala), kasu bakoitzean erabilgarriak gerta daitezkeen laguntza teknikoak albora utzi gabe, jakina.

* Ahozko mintzaira nolabait birgaitzeko etengabeko laguntza behar dute eta baita laguntza logopedikoa ere.

* Horrelako haurrekin hitzegiten dugunean, ahoskera, adierazpideak, hitzak eta hizkuntzaren egitura zaindu behar ditugu, ahalik eta hizkuntz input egokiena izan dezaten.

* Taldeko gainerako haurrei entzumen-defizitak dituztenei nola hitzegin behar dieten irakatsi behar diegu: zuzenean, ahalik eta keinu adierazgarrienak eginda, edo, bestela, zeinuak erabiliz, mintzaira alternatiboa edo aumentatiboa aukeratu badugu.

* Ikusizko estrategiak erabiliz, haur gorrek komunikatzeko gehien erabiltzen duten bidea ikusizkoa baita.

* Laguntza teknikoak, entzuteko protesiak tartean, oso lagungarriak dira haur gorrentzat. Hori horrela, protesiak erabiltzera animatu behar ditugu, nola zaintzen diren irakatsi behar diegularik.

Ondoko esku-hartzerako jarraipide hauek kontuan hartuta:

o Egin behar dutenari buruzko azalpenik eman gabe, zer egin behar duten edo zer ulertu behar duten erakutsi egin behar diegu.

o Hitzegiten dugunean zuzenean begiratzeko modua eman behar diegu, horrenbestez, argiak ematen digula hitz egin behar diegu eta aurpegia nahiz keinuak ongi ikusten dituzten lekuren batean kokatu.

o Fonema eta hitz ugariren ahoskera ez da antzematen ezpainei begiratuta, hortaz, mintzamenaz gain, keinu esanguratsuak eta gorputz-adierazpena ere erabili behar ditugu.

o Kontuan izan behar da arreta eta ekintza ez direla aldi berean gertatzen, entzuten duten haurren kasuan bezalatsu. Hori horrela, denbora luzeagoa eman behar zaie ekintza batzuk burutzeko eta zenbait gauza adierazteko.

o Besteek inolako arazorik gabe ulertzen dituzten inguruneko gertakariak azaltzeko informazio osagarria eman beharko diegu, ondorioak aurrikusten eta beldurrak nahiz mesfidantzak albora uzten lagunduko baitiegu horrela. Adibidez: irtetzeko ordua dela adierazten duen txirrina nahiz musika entzun eta taldeko gainerako kideak aterantz doazenean, zer gertatzen den azaldu behar diogu haur gorrari eta hobe ulertuko duen gakoren bat eman.

INFORMAZIO GEHIGARRIA
* MARCHESI, A. (1990). El desarrollo cognitivo y izanez gero linguistico de los niños sordos Madril. Alianza Arg.
* ZENBAIT EGILE. (1990). Las necesidades educativas del niño con deficiencia auditiva CNREE. Madril. Ministerio de Educación y Ciencia.  

2012-11-16


URRITASUN SENTSORIALA

IKUSMEN - DEFIZITA DUTEN HAURRAK

Ezaugarriak

*Ikusmen-defizita edo ambliopia duten haurrek, ikusten duten adin bereko haurren antzeko garapena dute, beti ere ingurunea antzekoa bada eta txiki-txikitatik estimulazioa izan baldin badute.

* Itsutasunak berez ez du inolako arazo intelektualik edo heldutasun-eragozpenik sortzen; dena den, ezaugarri bereziak izaten ditu ikusmen-defiziten bat duten haurren garapenak eta, ondorioz, haur horien premiei erantzun behar zaie.

* Munduari buruzko ezagutzak eta esperientziak ingurunearekin harremanak izateko moduak baldintzatzen ditu. Esperientziak hitzezkoak, entzumenezkoak, ukimenezkoak eta usaimenezkoak izan ohi dira, eta ingurunearen errepresentazio mentala ikusten duten haurrek dutenaz guztiz bestelakoa.

* Ikusizko estimulazio-ezaren eraginez, lasaiegiak eta geldoegiak izatea gerta daiteke, haientzat ez baita esistitzen gorputzaren bidez sentitu ezin dezaketena. Gauzak horrela, bitartekari-lanak egin behar ditugu ingurunea eta ikusmendefizita duten haurrak harremanetan jartzeko, mugimendu estereotipatuak, ekolaliak, etab. saihesteko asmoz.

* Horrelako arazoren bat duen haur ugarik zertxobait ikusten du oraindik. Ikusmen-aztarna horretaz baliatzeko, beraz, zentzumenak eragiteko modalitate bat baino gehiago erabili beharko dugu, estimulatzeko eta motibatzeko.

Zer atsegin zaie, zer egiten dute ongi?

* Beste edozein haurrek bezalatsu, hobe burutu ditzaketen iharduerak nahiago dituzte, horiei erantzuteko mekanismo egokiak dituztelako edo.

* Ukimena izugarri garatu dezakete, ukitze soilez, objektuen ezaugarriez jabetzeko eta identifikatzeko gai izan arte.

* Entzumenak eskaintzen die ikusmenak ukatzen diena. Egoki landuz gero, hainbat gauza lortzeko bidea emango die zentzumen horrek.
* Hobe moldatzen dira arreta jarri eta inguruneko gako nahiz seinaleak antzemateko ihardueretan.
* Haur txikien kasuan, entzumenari esker ohartemandako mezuak ukimenaren bidez osatu behar dira, horrela, pertzepzio-bide biak erabilita, objektuak antzemateko, espazioan kokatzeko eta non dauden jakiteko modua baitute haurrek. Soinuak lagungarriak dira aldez aurretik ukimenezko kontaktua izanez gero.


Zer-nolako eragozpenak dituzte?

* Objektu bat zein espaziotan kokatzen den jabetzeko, ikusten duten haurrek baino eragozpen handiagoak dituzte, ukimenaren eta entzumenaren laguntza besterik ez baitute.

* Mugimenari dagokionez, nolabaiteko atzerapenak izan ditzakete arakatzera eta gertu dituen objektu nahiz pertsonen bila abiatzera bultzatzen ez baditugu, ikusten ez dituztenez ez baitute haiekiko jakinminik.

* Hitzezko gaitasunak ongi garatzen diren arren, zenbaitetan denbora luzeagoa behar dute inguruko pertsonen eta objektuen ekintzak deskribatzeko.

* Kode grafikoak direla medio bildutako informazioak eskuratzeko, lantzeko eta errepresentatzeko eragozpenak dituzte; ikusmen-aztarnak aprobetxatzen saiatu behar dugu eta ikusizko informazioaren ordez, entzumenezkoa edo ukimenezkoa eskaini.

Nola lagun diezaiekegu?

* Zertxobait ikusten badute, ikusmen-aztarnez baliatzen direla ziurtatuz eta objektuak arakatzera bultzatuz.

* Behar den guztietan, kode alternatiboak eskainiz, inguruneak kulturari buruz emandako informazioa eskuratu ahal izateko, irakur-idazmena, irudiak, eta horrelakoak ez baitira nahikoak egokituta edo handituta egon ezean.

* Ukimena eta gaitasun psikomotorea erabiltzera bultzatuz, objektuen munduaz jabetzeko, inguruneko objektuak aurkitzeko eta erabili ahal izateko.
* Nahi dituzten gorputzeko atalak erabiltzera bultzatuz eta elkarreraginak izateko aukerak emanez, ingurune fisiko eta sozialarekin esperientzia egokia izateko eta autoistimua areagotzeko.

* Eginkizunak burutzeko denbora luzeagoa emanez. Ikusmen-ezak arazoak sortzen dituen garapenaren hainbat alderditan laguntza berezia eman behar diegu:

o Dimentsioak zabalegiak direlako edo, problema figuratiboak eta espazialak ulertzeko arazoak dituztenean. Horrelakoetan, ukimenak ez die objektu guztia arakatzeko modurik ematen, zati bat besterik ez die erakusten, eta ezin dute objektuaren errepresentazio mentalik eratu.

o Irakur-idazketa lantzeko asmoz, Braille sistemaren bat erabiltzen badugu, kontuan izan behar dugu ukimena motela eta sekuentziala dela eta informazio konplexu edo figuratiboak lantzeko edo gogora ekartzeko arazoak sor daitezkeela.

o Ukimenaren bitartez azter daitezkeen materialak erabili behar ditugu.

o Mugimenezko trebetasunak ahal bait gehien sustatu behar ditugu, ikusmenaz besteko bideak erabili behar dituztela kontuan hartuta.

o Zentzumen-modalitate bat baino gehiago erabili behar dugu, informazio-bilketa errazteko eta objektuak, ekintzak eta egoerak errepresentatzeko aukera emateko.

INFOMAZIO GEHIGARRIA
* ZENBAIT EGILE (1992). Ikusmen-urritasuna eta izanez gero hezkuntza-premia bereziak. IBE/CERE. Gasteiz. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.
* ZENBAIT EGILE. (1989). Intervenci—n educativa con ni–os de baja visi—n. M‡laga. Junta de Andalucia. Consejer’a de Educaci—n y Ciencia.
* ROSA, A.; OCHAITA, E. (1993). Psicolog’a de la
ceguera. Madril. Alianza Arg. 

2012-11-09

Nahaste bipolarra


NAHASTE BIPOLARRA
Zer da?
Nahaste bipolarra gaixotasun mental larria da, gaur egun ditugun tratamenduekin kontrolatzeko zaila da eta kronikoa bilaka daiteke. Depresio eta mania faseak izaten ditu, eta buruaz beste egiteko arriskua dago: %10-15eko probabilitatea dago I motako bipolarren kasuan.
Nahaste bipolarra (lehen maniako depresiboa izenez ezagutzen zena) garunaren nahaste biologikoa da eta pertsonaren arima-egoeran asaldura larriak eragiten ditu, mania, normaltasunaren eta depresioaren arteko gora beherak eraginez. Etxean, lanean eta eskolan jarduteko gaitasuna murriztu dezake.

Zoritxarrez, pertsona askok denbora luzez sufritzen dute diagnostiko zuzena jasotzen duten arte. Gure gizartean buru-eritasunek errezeloa sortzen duten arren, etengabeko tratamendua hartzen duten pertsonek bizitza normala izan dezakete, bai lanean bai familian.

Diagnostikoaren irizpideak

Nahaste Bipolar I, II eta Nahaste Ziklotimikoak pazienteek izaten dituzten gertakari depresibo larrien, maniakoen, mistoen edo hipomaniakoen araberakoak dira.
Beste edozein buru-nahaste bezala, bipolarra mota ezberdinetan ager daiteke. Bipolar I esaten da pazienteak gutxienez manialdi bat izan duenean; Bipolar II, gertakari depresibo larriak eta hipomaniako bat izan dituenean; eta zehaztu gabeko Nahaste Bipolar deitzen zaio gertakari hipomaniakoen eta depresiboen denbora eta iraupen irizpideak betetzen ez direnean. Azkenik, sintoma depresiboak eta hipomaniakoak jasaten dituzten pazienteek, aurreko irizpideetatik at daudenean, Trastorno Ziklotimiko bezala diagnostikatzen dira. Beste sailkapen bat egin daiteke depresio egoeratik maniara pasatzen den azkartasunaren arabera, eta "ziklatzaile" azkarrez hitz egiten da kasu haueta



Intzidentzia tasak

Nahaste bipolar I-aren intzidentzia-tasa populazio helduaren %0,8koa da (%0,4 eta 1,6 artean) eta nahaste bipolar II-rena %0,5ekoa. Prebalentzia antzekoa da gizon eta emakumeetan.
Hasiera adina 21 urte inguruan izaten da. Batik-bat 14-19 urte artean agertzen da eta bigarren adin tartea 20-24 urte artekoa da. Beraz, lehen gertakaria adin nahiko gaztean ematen da.
Jeneroaren intzidentziari dagokionez, berriz, gizonezkoen artean ohikoagoa da lehen gertakaria maniako motakoa izatea. II motako nahaste bipolarra, ordea, normalagoa izaten da emakumeengan, eta ez dago bi sexuen arteko ezberdintasunik nahaste bipolar Iaren kasuan.
Bai gizonen eta bai emakumeen kasuan, autore batzuen esanetan, %60ra iristen da substantzien gehiegizko kontsumoa.

Etiologia
Zientzialari eta medikuek nahaste bipolarraren abiarazle genetiko bat aurkitu dute. Nahaste bipolarra duten gurasoen seme-alabek probabilitate altuagoa dute gaixotasuna izateko. Diagnostikatuak izan diren pertsonen %80-90ak arima-egoeraren nahastea duen senideren bat dutela uste da.
Ikerketen emaitzek azaltzen dute lehen graduko ahaideek gainontzeko populazioak baino arima-egoeraren nahaste tasa dezente altuagoak dituztela. Ez da nahaste bipolarraren transmisio modua ezagutzen, ezta estresa eragiten duten ingurugiro faktoreek hasieran eta gaixotasunaren garapenean jokatzen duten papera ere.

Nola aurre egin?
Nahaste bipolarraren farmako bidezko tratamendua ezinbestekoa da. Helburu nagusia da sintomak kontrolatzea eta normaltasun psikosozialera bueltatzea, baita beste fase bateko gertakariak izatea ekiditea ere.
Agindutako sendagaien betetze-tasa %50ean kokatzen da, %0 eta %100 arteko tartean.